2013/05/23

Interes nuklearrez..(kadukatzen ez den informazioa.)




«Energia nuklearra bukatzeko beste bi edo hiru Fukushima beharko dira»


Japonia. Fukushimako hondamendia. Aleksei Jablokov. Errusiako Ingurumen Politikarako Zentroko burua

Txernobylen irakasgai batzuk ez direla ikasi ziurtatu du hondamendi haren berri eman zuen zientzialariak. Garrantzitsuena, nuklearraren abantailek ez dituztela arriskuak konpentsatzen.
Harald Neuber Berlin
Errusiako Ingurumen Politikarako Zentroko sortzaile eta presidente da Aleksei Vladimirovitx Jablokov. Errusiako Zientzia Akademiako kidea, Mikhail Gorbatxoven eta Boris Jeltsinen ingurumen gaietarako aholkulari izan zen. Sobietar Batasuneko diputatu gisa, Txernobylgo hondamendiari buruzko agiri sekretuak jakinaraztea lortu zuen.

Fukushimako erreaktorearen hondamendia Txernobylgoa baino handiagoa izan daitekeela ohartarazi duzu. Zergatik uste duzu hori?
Alde batetik, Fukushimako zentralen inguruan askoz jende gehiago bizi da Txernobylen duela 25 urte baino. Horren ondorioz, nahiz eta kutsadura erradiaktiboa txikiagoa izan, gaixotasun gehiago sortuko dira, eta hilkortasun tasa handiagoa izango dira. Bigarrenik, aurretik inoiz ez da gertatu hainbeste erreaktoretan aldi berean matxurak izatea. Hirugarrenik, Fukushiman hondakin erradiaktiboen biltegietan ere kalteak izan dira, eta ez dago istripu batek material horrekin sor ditzakeen arriskuei buruzko ikerketarik. Laugarrenik, gutxienez erreaktore batean —laugarrena—, oxidoen nahasketarekin egindako erregaia dago: uranio naturalaren oxidoa, uranio pobretua eta plutonio oxidoa.
Fukushimaren egoerari buruzko iritzi fidagarririk eman al daiteke? Informazio eskasia salatu dute Japonian dauden kazetariek...

Egia da informazioak motz geratzen direla. Ezin dugu ziurtatu Tepcok edo Japoniako Gobernuak dakiten guztia esaten dutenik. Joan den astean jakin zen astebeteko epean hamahiru aldiz neutroien erradiazioa antzeman zutela inguruan. Neutroi izpi horiek erakusten dute erreaktoreen barruan fusio espontaneoa eta kontrolaezina gertatu direla. Fukushima inguruan uranioaren eta plutonioaren kontzentrazioa muga kritiko batera iritsi da. Iruditzen zait garrantzitsua dela uneotan beste herrialdeetako adituak Japoniara eramatea, babes neurrietan laguntzera.

Zein galdera daude erantzuteke?

Zergatik ez dute zesio-137a edo iodo-131 ez diren beste erradionuklidioen berri ematen? Behin edo bitan aipatu dituzte kobalto-60a eta zesio-134a. Fukushiman benetan zer gertatzen den jakiteko oso garrantzitsua da hori. Kobalto-60 badago, herdoiltzearen ondorioa da, baina ez erregaien partikulena. Kutsadura mailen zorrozgabetasuna harrigarria da. Txernobylgoa dakarkit gogora.

Tokio, 35 milioi biztanleko metropolia, Fukushimatik 250 kilometrora dago. Zein ondorio izan ditzake istripuak hango biztanleentzat?



Begira, «berehalako arriskurik» ez dagoela diotenean, gizakientzat arriskutsua dela onartzen ari dira. Txernobylgoaren ondoren ziurtzat jo daiteke iodo-131 material errediaktiboaren kopuru oso txikiek abortoak, umeak hilik jaiotzea edo malformazio genetikoak eragiten dituztela.

Zer egin behar da orduan?

Haurrak edo haurdun dauden emakumeak berehala atera beharko lituzkete handik. Eta 60 kilometroko erradioan guztia jendez hustu.

Hori dagoeneko eskatu dute segurtasun nuklearreko agentziakoek. Baina Tokioko 35 milioi biztanleak lekuz aldatzea ez dirudi oso errealista...

Arrazoi horregatik, mehatxu handiena duten giza taldeetan jarri beharko lukete arreta. Herritarrei edateko ona den ura eta kutsatu gabeko janaria eman behar zaizkie. Tokioko airea eta Fukushima ingurukoa etengabe aztertu behar dute. Lur geruzaren, ur azpiko uren eta elikagaien azterketak oso garrantzitsuak dira. Ustez erradiaktiboa den inguruan bizi diren pertsona guztiak egunero aztertu behar dira. Plutonio kopuru mikroskopikoak hedatzea eragotzi behar dute. Gainera, agintariek prest egon behar dute Tokio gaineko euri erradiaktiboari aurre egiteko. Azkenik, herritarrei azaldu behar diete zer egin dezaketen beren buruak eta beren senideenak babesteko.

Pentsatzen dut aholku horiek emateko Txernobylen izandako esperientzia hartu duzula kontuan. 25 urte beteko dira istripu horretatik. Haren irakaspenak ikasi al ditugu?

Batzuk bai; beste batzuk, zoritxarrez, ez.

Zein oker ikusi dituzu zuk?

Arduradunen informazio politika osoak duela 25 urteko gertakariak ekarri dizkit gogora. Japoniarrei bizkorrago azaldu behar zieten zer arrisku dituen erradiazioak. Txernobylen bezalaxe, orain Fukushiman zentral nuklearrak zaintzeko erakunde independente bat falta da. Baina, batez ere, ez da Txernobylen ikasgai inportanteena kontuan hartu: hondamendi nuklear batek gizakiei eta ingurumenari egiten dizkioten kalteak ez dira inoiz konpentsatuko industria nuklearraren irabaziekin.

Edonola ere, energia nuklearraren aurkako mugimenduak indarra hartu du hondamendiaz geroztik. Europan, Japonian eta beste leku batzuetan alternatibak sutsuki eskatzen dituzte. Aro nuklearraren amaiera bizi al dugu?

Bene-benetan espero dut mundu osoan gogoeta egitea energia nuklearraren geroari buruz. Espero dut erreaktore zaharrak ixtea eta zentral berrien eraikuntza debekatzea.

Horiek itxaropenak dira. Baina zer uste duzu gertatuko dela?

Gaur egun, iruditzen zait aro atomikoaren eta energia nuklearraren amaiera iristeko beste bi edo hiru Fukushima behar direla.

OME Osasunerako Munduko Erakundearen politika kritikatu duzu. Zergatik?

Txernobylen ondoren, iritzi publikoak OMEk segurtasun erradiaktiboari buruz zuen fedea galdu zuen, erakunde hori hondamendiaren neurria isilarazten saiatu zelako. Konfiantza hori berreskuratzeko derrigorrezkoa da OMEk eta IAEAk (Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia) sinatuta duten ituna arriskutzat jo eta haustea.

1959ko akordio horrek IAEAren esku utzi zituen ikerketa nuklearra egitea eta haren ondorioak neurtzea...

Horregatik ikertu behar ditu OMEk erradioaktibitatearekin zerikusia duten gaiak. Industria atomikoa babestu beharrean, herritarrak babestu behar ditu industria atomikoaren arriskuez.

(Berria 2011-04-05)